Zure Auzoko Eskola
AITABITXI-AMABITXI PROIEKTUA, ELKARBIZITZA HOBETUZ
2024/2025 ikasturtean San Inazio Eskolan “Aitabitxi-amabitxi proiektua” aurrera eraman dugu. Proiektuaren helburu nagusia, adin ezberdinetako ikasleen artean lotura sozial eta afektiboak sortzea da, horrela eskolako bizikidetza hobetuz.
Aitabitxi-amabitxi eta umebitxien artean partekatutako dinamikek eta uneek errespetu eta maitasun lotura sendoak sortu dituzte eta horrela eskolako giroa eta elkarbizitza hobetu da.
Proiektu honetako dinamikak aurrera eramateko, Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako ikasleen arteko loturak sortu dira. Horrela, LH4, LH5, LH6.mailetako ikasleak aitabitxi-amabitxiak izan dira eta HH3, HH4, HH5 eta LIP (laguntza intentsiboko programa) ikasleak haien semebitxi-alababitxiak.
Ikasturtean zehar hainbat eta anitzak izan dira burututako ekintzak. Hilabetero, geletan lantzen ari ziren gaiekin lotuta edo eskolan ospatu diren jai ezberdinen inguruan dinamika ludiko eta alaiak egin dira.
Lehenengo kontaktu bezala ikasle nagusienak txikienen espazioetara hurbildu ziren eta horrela bikoteek ezagutzen hasteko aukera izan zuten. Bertan, eskolako txikiek erabiltzen dituzten material anitzekin, naturalekin eta manipulatiboekin jolasteko aukera izan zuten.
Bigarren txandan, ordea, Haur Hezkuntzakoei eskaileretan gora igotzea egokitu zitzaien, nagusien gelak ezagutzeko asmoz. Beraiekin batera, eskulan politak egin zituzten eta etxera eramateko aukera izan zuten. Horrela, familiek ere ekimen hau ezagutzeko aukera izan zuten.
Behin ikasleen arteko loturak eginda, gabonetan Olentzero eta Mari Domingiren bisitan nagusiek txikienei eskutik lagundu zieten Lebante plazara joaten eta bertan jaiaz gozatzen, Euskararen egunean batera jolasten aritu ziren, errezeta goxoak prestatu dituzte eta askari ederrez gozatu dute, STEAM ekimenarekin lotutako material ezberdinak erabili dituzte, haziak erein eta hazitako landareak zaindu dituzte…
Ekintza guzti hauetan adin ezberdinetako haurrak elkartzea oso aberasgarria izan da eta gure eskolak egunerokoan sustatu nahi dituen balioak oso presente egon dira, hala nola, errespetua, elkartasuna, konpromezua, enpatia, aniztasunaren balorapena…
4. 5. eta 6.mailako ikasleek afektuzko eta zaintzazko jarrerak izan dituzte, euskararen erabilera sustatu da modu naturalean erabiliz, lankidetza jarrerak bultzatu dira, konpromisoa izan dute proiektuarekiko, akonpainamendua egin diete txikiei, aniztasuna modu aberasgarrian ulertu dute…
Haur Hezkuntzakoak eta LIP gelakoak bere aldetik, emozioak kudeatzen trebatu dira, pentsamendu konputazionalean lehenengo pausuak eman dituzte, sormena garatu dute… eta batez ere eskolan babesa sentitu dute nagusien partetik.
Hezkuntza komunitatearen balorapena guztiz positiboa izan da. Ziur gaude ikasleengan oso eragin positiboa izan duela eta hala ikusi da pasabideetan, jantokian edo patioan elkartu diren bakoitzean. Besarkadak, marrazkiak eta kontutxoak trukatu dituzte aitabitxi eta amabitxiek alababitxi eta semebitxiak ikusi dituztenean.
Familien aldetik ere atzeraelikadura positiboa jaso dugu eta honek erakusten digu eskolan egiten dugunak, eskolaz kanpoko bizitzan ere eragina duela, hau da, komunitate osoan.
Ekintza honekin sortu den elkarbizitza eta ikasleen artean ezarri diren maitasun-lotura sendoak denboran zehar iraun dezaten espero dugu, irakasleok eskola esparruan proposatutako jardueretatik haratago.
50.URTEURRENEKO LIPDUB-A
Eskolak 50 urte betetzen ditu aurten eta pasaden astean hainbat ekintza berezi egin genituen hau ospatzeko. Asteburuan ere, bazkari eta egun berezia antolatu genuen eta, ospakizunari amaiera emateko, gaur bertan, LIPDUB bat egin dugu eskolan, Hezkuntza Komunitateko kide guztiekin.
Arrakasta handia izan da, zein familia polita osatzen dugun denok batera ☺️
Hemendik uzten dizuegu bideoa disfrutatzeko eta elkarbanatzeko. Gozatu oporretaz!